Hypatiatik Curiera, klik batean.- Gure Gonbidatuak Jasone Aretxabaleta

Gure Gonbidatuak
JASONE ARETXABALETA.-
Etxekoandrea eta kazetaria

Sare sozialei buruz hitz egin edo eztabaidatzen dudanean, iritzi kontrajarriak ditut; batzuetan kaltegarriak begitantzen zaizkit, aurrez-aurreko harremanetan eragin txarra dutelakoan bait nago; beste batzuetan ordea, alde onak ikusten dizkiet. Eta alde on horien adibide bat hartu dut, web-gune honetan nire lehen ekarpen idatzia egiteko: Mujeres con Ciencia bloga. Facebooketik izan nuen Interneteko gune horren berri eta ordudanik jarraitzailea naiz. Ez dut esango egunero-egunero gune horretan argitaratzen duten dena irakurtzen dudanik, baina bai sarritan eta egunetik egunera txundituago naukate bertan ezagutu ditudan emakume zientzilariek.

Batzuen izenak oso ezagunak dira: Marie Curie, esate baterako, nola ez da agertuko ba, orain arte Nobel sari bi (Fisikakoa eta Kimikakoa) jaso dituen emakume bakarra? Berarekin batera, Alexandriako Hypatia, lehen emakume zientzilaritzat hartzen dena, Florence Nightingale, Ada Lovelace, Rosalind Franklin, Henrietta Leavitt, Jane Goodall… Ehundaka izen daude, ehundaka emakume, ehundaka historia. Biziki gomendatzen dizuet blog honetara bisita bat egitea, zientziaren unibertso desberdin baten sartzea bezalako esperientzia baita.

Emakume hauek zientziari egin dioten ekarpenaz gain, euren bizitza ezagutzeko aukera ematen digute blogeko lerroek, kemen eta adore handiz betetako historiak. Irakurritako historia eta ezagututako emakumeetatik, bi esaldi azpimarratu ditut, oso esanguratsuak direlako:

Alexandriako Hypatia: "Defendatu ezazu "pentsatzeko" eskubidea; izan ere hobe baita modu desegokian pentsatzea, ez pentsatzea baino."

Chien-Shiung Wu: "Laborategitik etxera itzuli eta plater zikin piloa aurkitzea baino okerragoa den gauza bakarra dago: ezin izatea laborategira itzuli."

Hypatia hil egin zuten, V. mendean; Chien-Shiung-i ez zioten merezia zuen Fisika Nobel Saririk eman, XX. mendean. Mila eta bostehun urteren aldea duten bi gertakari eta jatorri berbera: matxismoa, bekaizkeria, harrokeria… Orain, oso ondo geldituko litzateke esatea, horrenbeste urteren buruan ez dela ezer aldatu. Tira, ezin dut hori esan, benetan sinesten baitut gauzak aldatu, aldatu direla, zorionez, nahiz eta oraindik berdintasunerako bidea luzea eta oztopoz betetakoa izan.

Mujeres con Ciencia blogari buruzko gogoeta honetan ari nintzela pentsatu dut: zergatik ez dugu horrelako blog bat egiten, baina emakume enpresariei buruzkoa? Ziur emakume eta enpresa interesgarriak ezagutzeko aukera izango genukeela; ziur historia zirragararriak aurkitzen ditugula. Sare sozialetan hedatu eta partekatuko genituzken historiak.

Norbait animatzen al da?

No Comments Yet.

Leave a comment