Emakumeak Euskadiko administrazio-kontseiluen % 25ean daude
AEDk apirilaren 3an Bilbon egindako Enpresa Foroan Emakume Enpresa Behatokiaren emaitzak aurkeztu zituen
Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (AED) joan den apirilaren 3an 2025eko Enpresa Foroaren edizio berri bat egin zuen Bilbon, eta bertan Emakume Enpresa Behatokiaren emaitzak aurkeztu zituen. Ikerketak agerian utzi zuen 2024an euskal enpresetako Administrazio Kontseiluetan emakumeak % 25a izan zirela, aurreko urtean baino hiru puntu gehiago. Datu horrek aurrerapen nabarmena adierazten du erabaki-organoetan ekitate handiagoa lortzeko bidean, nahiz eta oraindik parekotasun-helburutik urrun egon.
Bizkaiko AEDko presidente Isabel Iturbeknabarmendu zuenez, hazkunde horrek “inflexio-puntua izan liteke berdintasunaren bilakaeran, batez ere historikoki emakume gutxiago egon diren sektore eta enpresetan”.
Foroaren irekiera instituzionala Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuakegin zuen, eta “genero-berdintasuna enpresen lehiakortasunerako funtsezko alderdia dela” azpimarratu zuen Basurkok. Hark nabarmendu zuenez, politika publikoak eta abuztuan onartutako 2/2024 Lege Organiko berria erabaki organoetan emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua bultzatzen ari dira.
Sektore aldaketa martxan
Txostenaren arabera, emakumeen partaidetza handiena duten sektoreak ( hezkuntza, osasuna eta enpresa-zerbitzuak, esaterako) aldaketaren buruan daude. Hala ere, tradizionalki gizonenak izan diren sektoreen bilakaera ikusten hasi da, hala nola industria eta eraikuntza, eta horrek egiturazko eraldaketa-prozesu motela baina beharrezkoa gertatzen ari dela adierazten du.
Isabel Iturbek esan zuenez, “enpresetan belaunaldien arteko erreleboa eginez, emakume gehiagok lidergo-postuak lortu ahal izango lituzkete, betiere benetako berdintasun-politikak eta kultura korporatibo inklusiboa bultzatzen badira”.
Mahai-ingurua: ikuspegi publikoak eta pribatuak
Topaketan mahai-inguru bat ere egin zen . Guillermo Dorronsorok, Zabala Innovation-eko Management Board Advisor, moderatu zuen, eta honako hauek parte hartu zuten:
-
Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua
-
Carolina Pérez Toledo, CEBEKeko presidentea
-
Inés Anitua, Automobilgintza Klusterreko eta AIC-Automotive Intelligenceko zuzendaria
Mikel Jauregik ziurtatu zuen berdintasunerantz ez dela justiziagatik bakarrik aurrera egin behar, baizik eta “herrialdearen hazkunde ekonomiko eta soziala lortzeko ere”. Carolina Pérez Toledok enpresa-foroetan emakumeen lidergoa ikusarazteko eta belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko beharra azpimarratu zuen. Bestalde, Inés Anituak automobilgintzaren sektoreak emakumeen talentua erakartzeko eta txikitatik bokazio teknikoak bultzatzeko egin duen ahalegina nabarmendu zuen.
Berdintasuna lortzeko, konpromisoa behar da
Administrazio Kontseiluetako % 40ko kuota ia ia betetzen duten enpresen kopuruak gora egin duela txosteneko adierazlerik itxaropentsuenetako bat izan zen. Datu horrek berdintasun-politiken eragin positiboa eta enpresa-sareak lidergo-eredu anitzagoetarantz duen bilakaera egiaztatzen ditu.
Ekitaldia amaitzeko, AEDk ekintzarako deia egin zuen. Isabel Iturbek adierazi zuen bezala, “Joera positibo horri eusteko, funtsezkoa da lidergo-postuetan emakumeen sarrera mugatzen duten oztopoak ezabatzea. Enpresen, erakundeen eta gizartearen baterako ahalegina behar dugu, Euskadin enpresa-sare bidezkoagoa, berritzaileagoa eta anitzagoa eraikitzeko ”.